Ikuskizuna eta giro aparta batu dira Xisteraren egun handian

  • 2018-12-24

Akabo, amaitu da aurtengoz Xisteraren denboraldia, Markina-Xemeinen, zesta puntaren gunerik garrantzitsuenetakoan eman zitzaion amaiera. Aldazabal-Arbe, Nesken Xistera Zirkuituan, eta Agirre-Mandiola eta Antxon-Manci, mutilen gazte mailan eta maila nagusian, izan dira irabazleak.

Egun handia izan zen larunbatekoa, baina goizetik hasita, Markina-Xemeinen bertan, Bolibarren, Etxebarrian eta Berritxun, gatetxoen jardunaldiak egin baitziren. Arratsaldean final dotoreak izan ziren, sari banaketarekin, eta denak batu zituen argazki handi batekin amaitzeko. Ibon Urreisti, Xisterako Presidentea, Aitor Odiaga, Markina-Xemeingo Udaleko ordezkaria, Eric Irastorza puntista profesionala, eta urtarrilaren hasieran Danian profesionalekin jokatzen hasiko den Ekaitz Mendizabal Goixerri izan ziren sariak banatzen.

Finalak

Gizonezkoak Gazte maila

Galletebeitia – Iturralde 0 / Agirre – Mandiola 2 (9-15 eta 10-15)

Lehen jokoa seinako berdinketarekin apurtu zen. Ordurarte oreka izan zen jokoan eta markagailuan ere bai, baina hortik aurrera Danel Mandiola agintzen hasi zen atzeko koadroetan, eta horrelakoetan aurrean nekez huts egiten du Eduardo Agirrek, eta amaieran finaleko lehen puntua eskuratu zuten. 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 3-2, 3-3, 4-3, 4-4, 4-6, 6-6, 6-9, 7-9, 7-10, 8-10, 8-14, 9-14 eta 9-15.

Bigarren jokoan urdinak hasieratik atera ziren agintzera, eta lehen tantoa gorri izan baldin bazen ere, hortik aurrera urdinen aldeko joera izan zuen. Atzean berriro ere Mandiola nagusi, eta aurrean Agirre tantoak bukatzen. Behin 2-5 jarri zirenetik, markagailua ederki jakin zuten kudeatzen. 1-0, 1-1, 1-3, 2-3, 2-7, 5-7, 5-8, 6-8, 6-10, 8-10, 8-12, 9-12, 9-13, 10-13 eta 10-15.

Emakumezkoak

Aldazabal – Arbe 2 / Ortiz de Mendibil – Lizardi 0 (15-11 eta 15-12)

Lehen jokoa estu joan zen bederatzinako berdinketaraino, baina hortik aurrera aldatu ziren gauzak gorrien alde. Aldazabalek eta Arbek garbi zeukaten atzean agindu behar zutela, eta apurka-apurka hori egin zuten, Arbek aurre hartu baitzion Lizardiri, eta hori lortu zutenean, partidan aldetxoa lortu zuten, eta behin azken txanpan urdinak atzetik zuloarekin ikusi zirenean, ezin izan zuten erreakzionatu. 1-0, 1-1, 1-2, 2-2, 2-3, 3-3, 4-3, 4-4, 4-7, 7-7, 8-7, 8-8, 9-8, 9-9, 12-9, 12-11 eta 15-11.

Bigarren jokoa ere oso tankerakoa izan zen, baina oraingoan lehenago apurtu zen, seinakoren ostean hasi baitziren gorriak zuloa egiten, eta hor lortu zuten aldetxo hori nahikoa izan zen, amaierara arte, bikain kudeatu baitzuten. 0-1, 1-1, 1-3, 3-3, 3-4, 4-4, 4-5, 5-5, 5-6, 6-6, 9-6, 9-7, 10-7, 10-9, 12-9, 12-10, 12-11, 14-11, 14-12 eta 15-12.

Gizonezkoak maila Nagusia

Antxon – Manci 2 / Barinagarrementeria – A.Elkorobarrutia 0 (15-11 eta 15-9)

Antxon eta Manci ziren irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Galtzen hasi arren, ziztu bizian ekin zioten tantoak egiteari, eta lehen joko honetan oso azkar egin zuten zulotxoa, nahiz eta behin ere ez zen handia izan. Hala ere, honelako partida batean aurretik joate horrek indarra ematen du, eta hori ez zuten alferrik galdu. 0-1, 1-1, 2-1, 2-2, 5-2, 5-3, 7-3, 7-4, 8-4, 8-6, 8-7, 9-7, 9-8, 12-8, 12-9, 13-9, 13-10, 14-10, 14-11 eta 15-11.

Bigarren jokoan aldeak azkar atera zituzten gorriek, 7-2 jarri baitziren aurretik, eta baita 14-6 ere. Hor etorri zen urdinen erreakzioa eta 14-9 jartzea lortu zuten, baina Antxonek eta Mancik ez zuten aukera alferrik galdu eta txapela segurtatu egin zuten. 2-0, 2-1, 4-1, 4-2, 7-2, 7-4, 8-4, 8-5, 9-5, 9-6, 14-6, 14-9 eta 15-9.

Finalen eguneko irudi bilduma ikusi