Ikuskizun bikaina Madrilen

  • 2018-11-20

Madrilgo La Elipa pilotaleku ederrean ikuskizun bikaina eskaini zuten Xisterako neskek. Goiz eta arratsalde jardun ziren lanean larunbatean. Lehenengo, hiru kiniela jokatu zituzten. Nicolas-Idoeta, Watkins-Mugartegi eta Arakistain-Lizardi izan ziren onenak goizean. Etxaburu-Idoeta, Otaño-Arai eta Landa-Lizardi, berriz, izan ziren arratsaldeko garaileak. Ondoren jokatu ziren Nesken Xistera Zirkuitoko partidak, goizean bat, eta arratsaldean, beste bat. Bertan, Mutriku, Tolosa, Donostia, Zumaia, Markina-Xemein, Ereño, Durango, Berritxu edo Donibane Lohizuneko elkarteak egon ziren ordezkatuta. Arratsaldeko saioaren ostean, gainera, zesta probatu nahi izan zuten ikusle guztiek izan zuten horretarako aukera.

Nesken Xistera Zirkuitua

Landa – Merino 2 / Jauregi – Cariteau 1 (8-15, 15-6 eta 5-1)

Lehen jokoan Jauregi eta Cariteau gailendu egin ziren, eta ongi gainera. Atzean Cariteau nagusi izan zen, eta aurreko koadroetan Maddi Jauregik ez zuen barkatu. Hirugarren tantora arte bakarrik izan zen oreka, hor apurtu baitzen partida. 0-2, 2-2, 2-3, 3-3, 3-11, 4-11, 4-13, 4-14, 8-14 eta 8-15.

Bigarrena erabat ezberdina izan zen. Landa eta Merino hastapenetik hasi ziren agintzen. Ziortza Landak sekulako jokoa egin zuen, aurrean aginduz eta tantoak ongi amaituz. Atzean oraingoan nagusitu egin zen Merino, Cariteau mendean edukiz. Hasieratik bukaerara nagusitu ziren oraingoan gorriak. 2-0, 2-1, 3-1, 3-2, 8-2, 8-3, 9-3, 9-4, 11-4, 11-5, 12-5, 12-6 eta 15-6.

Hirugarren jokoa ere bigarenaren oso tankerakoa izan zen, gorriek agindu baitzuten hasieratik bukaerara. 3-0, 3-1 eta 5-1.

Aldazabal – Lizardi 2 / Jauregi – Calvo 0 (15-6 eta 15-10)

Aldazabalek eta Lizardik hasieratik hartu zuten abantaila 3-0 jarriz. Atzean Lizardik gailendu egin zuen Calvo, eta horrek bidea eman zion Aldazabali tantoak amaitzeko. Hasieran lortutako alde hori ere ederki jakin zuten gorriek kudeatzen, lehen punta lortuz. 3-0, 3-2, 4-2, 4-3, 8-3, 8-4, 9-4, 11-4, 11-5, 12-5, 12-6 eta 15-6.

Jauregik eta Calvok bikain ekin zioten bigarren jokoari 0-4 aurretik jarriz. Zazpinako berdinketaren ostean, ordea, norgehiagoka apurtu egin zen, gorriek 5-0ko partzial bat sartu eta jokoa euren oso alde jarri zuten, eta gero alde hori ongi jakin zuten kudeatzen. 0-4, 3-4, 3-5, 5-5, 6-5, 6-6, 7-6, 7-7, 12-7, 12-8, 13-8, 14-8, 14-10 eta 15-10.

Irudi bilduma ikusi