Goixerri-Andonegik irabazi dute Xisterako INTERJAI Txapelketa

  • 2018-10-09

Goixerrik eta Andonegik irabazi zuten Xisterako INTERJAI Txapelketa, finalean Antxon eta Ibarluzea 1-2 mendean hartuta. Bilboko Deportivon sekulako giroa bizi izan zen, 500 ikusletik gora batu ziren harmailetan, eta pilotariek eraman zituzten zaleek animazio bikaina jarri zuten. Partidak ere oso onak atera ziren, batez ere finala. Hirugarren eta laugarren posturako lehia, Lalook eta Mancik irabazi zuten.

Interjai txapelketako Finala

Antxon – Ibarluzea 1 / Goixerri – Andonegi 2 (12-15, 15-11 eta 2-5)

Lehen jokoa ederra izan zen, eta tanto bikainak ikusteko parada ere ukan zuten harmailetan zeuden zaleek. Lehen bost tantoetan berdintasuna izan zen nagusi, ia kintze bakoitzean berdinketa izaten zen, eta tantoak ere luzeak eta ederki jokatutakoak ziren. Hala ere, hor hasi ziren aldeko zuloa egiten urdinak eta horri eusteko modua egin zuten, nahiz eta inoiz ezin izan zuten alde handirik lortu, bizkaitarrak beti gainean izan zituztelako. Hala ere, mutrikuarrek lehen puntua eskuratu zuten. 0-2, 2-2, 2-3, 3-3, 3-4, 4-4, 4-5, 5-5, 5-9, 6-9, 6-11, 9-11, 9-12, 11-12, 11-13, 12-13 eta 12-15.

Bigarren jokoan ere urdinek egin zuten lehen tantoa eta markagailuan ia beti aurretik ibili ziren zazpigarren kintzera bitarte, baina hor apurtu zen joko hau. Bizkaitarrek berdinketa nahi zuten eta zazpinakoaren ostean, ihes egin zuten markagailuan, jokoa irabazi eta finala berdintzeko. 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 2-4, 3-5, 4-5, 5-5, 5-7, 7-7, 7-8, 8-8, 12-8, 12-9, 13-9, 13-10, 14-10, 14-11 eta 15-11.

Kitarakoan edozer gerta zitekeen, lau pilotariak ikusten baitziren bere onena ematen. Tantoa egitea ikaragarri kostatzen zen, bi atzelariak bikain zebiltzan eta ezin zuten aurkaria menderatu. Aurrean ere bai Antxon eta baita Goixerri ere saiatzen ziren kintzea finitzen, baina aurkaria beti presto zegoen. Gauzak horrela edozer gertatu zitekeen. Azkeneko joko hau hasi ere estu egin zen, lehen bi tantoetan berdinketa izan baitzen, baina gero geratzen ziren beste hiruak erreskadan egin zituzten Goixerrik eta Andonegik, txapela eskuratuz. 0-1, 1-1, 1-2, 2-2 eta 2-5.

3. eta 4. postuak

Retolaza – Uriel 0 / Laloo – Manci 2 (11-13 eta 7-13)

Bi jokoetan aurrenekoa izan zen onena, eta estuena Hala ere, urdinek azkar hartu zuten aurre, eta gorriak beti gainean izan arren, harrapatu ezinik aritu ziren. Nahiz eta bederatzinakoarekin gorriei itxaropena piztu, ezin izan zuten oraingoan urdinen aurretik amaitu. Tartean tanto bikainak ikusteko parada ere izan zen. 1-0, 1-1, 1-2, 2-2, 2-5, 3-5, 3-6, 4-6, 4-7, 5-7, 5-8, 5-9, 9-9, 9-11, 10-11, 10-12 eta 11-13.

Bigarren jokoa azkarrago joan zen. Urdinak nagusi izan ziren. Atzean Mancik agindu egin zuen, eta aurrean Lalook ez zuen barkatu, horrela hirugarren postua eskuratuz. 1-0, 1-1, 3-1, 3-3, 3-5, 4-5, 4-8, 5-8, 6-8, 6-9, 6-12, 7-12 eta 7-13.

Berritxuko UGAREIN Xistera zirkuitoko finalerdiak

Berritxuko UGAREIN Xistera zirkuitoko kanporaketak jokatu ziren ostiral gauean, eta Sorozabal-Mandiola eta Agirre-Mendizabal, gazte mailan, eta Barinagarenteria-Elkorobarrutia eta Laloo-Manci, maila nagusian, sailkatu ziren finalera.

Kiniela bikainak izan ziren ikusi zirenak, goi mailako tantoekin. Emozioa izan zen gazte mailan, baina 15 tantora iristen lehenak Sorozabal eta Mandiola izan ziren, eta bigarrenak, berriz, Agirre eta Mendizabal. Bi bikoteek lortu zuten finalerako txartela.

Maila nagusian, berriz, emozioa oraindik eta handiagoa izan zen, bost bikote iritsi baitziren azkeneko txanpara finalean sartzeko aukerekin. Azkenean, Barinagarenteria eta Elkorobarrutia izan ziren 15era iristen lehenak, eta bigarren Laloo eta Manci sailkatu ziren. Finalak, datorren ostiral arratsaldean jokatuko dira.