Fani Coso eta Marina Revilla une gozoak bizitzen ari dira

  • 2021-01-15

Cabanillas elkartekoak dira Fani Coso eta Marina Revilla. Orain dela gutxi irabazi zuten Nafarroako Txapelketa Alonso-Bueno 25-23 menderatuta, eta pozez zoratzen daude. Bi tantoz lortu zuten garaipena, baina aho zapore bikainarekin daude.

´´Finala oso zaila izan genuen. Alonso eta Bueno ziren gure aurkariak, eta partida guztiak irabazita sartu ziren finalera. Gainera 0-7 aurreratu ziren, baina guk ez genuen etsi eta aurrera egin genuen, azkenean garaipena lortuz´´, ekartzen du gogora Marina Revillak.

´´Oso urduri hasi ginen. Ez gaude horrelako finalak jokatzera ohituta, eta normalean denak Cabanillasen aritzen gara, baina finala Noainen zen. Beraz pilotalekua ere ez zen ezaguna guretzat, eta agian dena pilatu zitzaigun, eta oso urduri hasi ginen´´, dio Fani Cosok.

Hala ere, neurketari buelta eman eta garaipea lortuz amaitu zuten. Aurkariak ere ongi ezagutzen zituzten. ´´Denak gara Cabanillasekoak, eta ongi ezagautzen dugu elkar entrenatu ere batera egiten baitugu´´, dio Marinak.

Azken honek Txapelketa Maria Rodriguezekin ekin zion, baina min hartu zuen. ´´Berarekin hasi nintzen, baina min hartu eta Fani sartu zen bere ordez, eta gero berak egin du txapelketa osoa. Azken batean entrenamenduetan bikoteak nahastuz aritzen gara, eta ez dugu aparteko eraginik egiten´´, dio Marinak.

´´Arazo fisiko batzuk izan nituen, eta Txapelketa ez jokatzeko erabakia hartu nuen, eta ordezko geratu nintzen. Zoritxarrez Mariak min hartu, eta nik jarraitu behar izan nuen lehiaketan, eta txapelarekin amaitu dut´´, eransten du Fanik.

Cabanillas dagoen lekuan dago, eta inguruan ez dute beste neskarik. ´´Taldean helduen mailan hamar inguru ibiliko gara, eta gero gaztetxoak ere badabiltza. Egia esan nahiko ongi gaude, nahiz eta gehiago nahi dugun. Kontua da beste elkarteetakoekin jokatzeko kilometro asko egin behar ditugula. Xisterarekin joaten gara jardunaldi batzuetara, eta hori oso garrantzitsua izaten da guretzat´´, esaten du Marinak.

´´Xisterako jardunaldietan neurtzen dugu gure maila, eta ikusten dugu oraindik haien parean sartzeko falta zaigula, baina gu lanean jarraitzeko gogoz eta ilusioarekin gaude´´, dio Fanik. Pasa den urtea oso berezia izan da, denentzat bezalaxe, eta hasi berria den urte honetan gauzak hobeto joateko itxaropena dute, eta inguruko taldeetan neska gehiago hastea ere bai.

´´Zaragozan eskola bat sortu behar omen dute. Primeran etorriko litzaizkiguke neskak hastea, guretzat Iruñea baino getruago dago. Nafarroako beste klubetan ere neskak egotea gustatuko litzaiguke, eta irla bat izateari uztea gustatuko litzaiguke. Kirol ederra da, gozatu egiten da zestan jokatuz, eta neska guztiak probatzera gonbidatzen ditugu´´, esanez amaitzen dute Fanik eta Marinak. Biak eskertu nahi dituzte, kubeko gainerako neskek bezalaxe, Asier Antonek, Txelisek eta Isarelek, euren entrenatzaileak,egiten duten lan guztiagatik.