Eneritz Lizardi: ´´Zestak nesken artean jauzi nabarmena egin du´´

  • 2020-04-07

Eneritz Lizardi mutrikuarra egungo atzelaririk onenetakoa da. Urtea bikain amaitu zuen, Xisterako lehiaketa irabaziz, Merinorekin batera, eta hasi ere bikain egin du, Berriatuako Torneoa irabaziz, Arakistainekin batera.

Urtea amaitu bezala hasi duzu berria.

Horrela da. Niretzat bi lehiaketa handi daude, Xisterakoa eta Berriatuakoa, eta biak irabazteko modua egin dut. Niretzat oso garrantzitsua izan da, eta aurrera begira lanean jarraitzeko ere bultzada handia ematen du.

Noiz hasi zinen zestan jokatzen?

9 urte ingururekin hasi nintzen. Garai hartan Mutrikun bi neska besterik ez ginen, baina berak ongi jokatu arren, bi edo hiru urte pasata utzi egin zuen. Beti mutilekin jokatu behar izaten genuen, ia neskarik ez zegoen, eta geundenen artean ere ez geneukan harremanik. Nik jarraitzea erabaki nuen, beti mutilekin jolastuz.

Xisterak eragin handia izan du gorakada honetan?

Izugarria, talde guztiak batu ditu, eta horrekin batera neska guztiak ere bai. Lehen esan bezala, mutilekin jolasten genuen, eta txapelketa ezberdinak jokatzen genituenez, bagenekien han edo hemen bazebilela neskaren bat edo beste, baina gure artean ez zegoen harremanik. Xisterari esker topaketak egiten hasi ginen, eta hor hasi ginen batzen. Aurreneko aldian ez ginen gehiegi, baina une honetan pilotaleku bat betetzeko adina bagara, eta hori seinale ona da.

Une honetan puntan zabiltzatenak oso gazteak zaretela kontuan hartuta, eta atzetik maila handikoak badatozela ere bai, bide honetatik jarraituta nesken zesta punta bermatuta dagoela esan daiteke?

Nik uste dut baietz. Geroz eta neska gehiago ari gara jokatzen eta hori oso ona da. Zuk esan bezala gu oso gazteak gara, baina atzetik maila oso oneko pilotariak datoz, eta hori berri oso ona da. Guri lo hartzen ez digu utziko, eta laster izango dira gurekin jokatzen, eta mailak igotzen jarraituko du. Hala ere, denak batera jarraitu behar dugu lanean, honek gehitzen jarrai dezan eta geroz eta neska gehiagok zestan joka dezaten. Zestak nesken artean jauzi nabarmena egin du, baino gehiago behar ditugu.

Atzelarien artean erreferentzia bihurtu zarela esango zenuke?

Ez dut uste. Nik uste gure artean erreferentzia izaten Izaro Arbek jarraitzen duela. 2019an ez du parte hartu, eta nik irabazi ditut atzelari bezala bi lehiaketarik garrantzitsuenak. 2018ko Xisterako finalean bere aurka jokatu nuen, eta berak irabazi zidan, eta uste dut oraindik gu baino gehiago dela. Berak ikaragarri egin du zestaren alde, neska guztiak batzeko ahalegin handia egin du, eta egiten ari da. Gaur egun zestan gabiltzan neska guztion erreferentzia bera dela esango nuke.

Aurtengo helburua Xisterako lehiaketa irabaztea izango da?

Bai horretara joan nahi dut. 2019koa irabazi nuen, eta aurten Berriatuako Torneoa ere bai. Beraz berriro ere helburu horrekin kantxaratuko naiz. Horretarako lanean jarraitu nahi dut, hobetzen segitzeko eta berriro ere topaketak hasten direnean sasoian egon nahi dut.