Ekitaldiz beteta dator Xistera UGAREIN zirkuitoa

  • 2018-09-04

Asteburu betea izango du Xistera UGAREIN zirkuitoak. Alde batetik, Donibane Lohizuneko finalak jokatuko dira. Bestetik, Mutrikuko kanporaketak eta azkenik Lekeitioko kanporaketak eta finalak.

Ostiralean, 20.30ean abiatuko da Donibane Lohizuneko lehen finala. Gazte mailakoan, Jouanteguy eta Oyhenard zuberotarrak, Vidal bizkaitarraren eta De Betelu lapurtarraren aurka neurtuko dira. Kanporaketetan Maulekoak izan ziren onenak.

Maila nagusian ere final dotorea iragartzen da. Antxon bizkaitarra eta Manci gipuzkoarra, Iturrino eta Zugaitz lapurtarraren aurka lehiatuko dira. Berritxukoa eta Mutrikukoa izan ziren kanporaketetako onenak. Final hauetan sarrera 5 euroren truke egongo da, eta bertan biltzen den diru guztia Fibrosis Kistikoa Elkartearentzat izango da.

Ugarein Xistera Zirkuitokoak jarraipena larunbatean izango du Mutrikun, bertan 11.00etatik aurrera kanporaketak jokatuko baitira. Betiko moduan, bai helduen mailan eta baita gazte mailan ere zortzina bikote izango dira, Xisteraren barruan dauden Euskal Herri osoko klub ezberdinetako pilotariak. Kiniela eran jokatuko da, eta bikoteen zozketa, hasi aurretik egingo da. Maila bakoitzeko bi onenek jokatuko dute finala, aste bat beranduago.

Larunbatean bertan Lekeitioko Torneoko kanporaketak ere jokatuko dira 17.00etatik aurrera, hemen ere klub ezberdinetako pilotariak egongo dira, eta kiniela 15 tantora jokatuko da,
Maila bakoitzeko bi bikoterik onenak finala igande eguerdian jokatuko dute, 12.00etatik aurrera. Larunbatean hasiko den torneo honek, igandean izango du amaiera, beraz.