Egañari eta San Joseri Hirugarren Mailako Txapelak indar handia eman die

  • 2020-02-20

Haritz Egaña eta Javi San Jose pozez txoratzen daude. Beraiek irabazi dute aurten lehen aldiz jokatu den Xistera Zirkuituko Hirugarren maila, finalean Urreisti eta Del Rio 2-0 mendean hartuta. Zumaiako finalean lortutakoa dastatzen jarraitzen dute.

Finala inork uste baino errezago eraman zuten, biek onartzen duten bezalaxe. ´´Inork ez zuen esperoko horrelako final bat izango zenik. Garbi dago beraiek ez zutela euren eguna izan. Urreistik denboraldian zehar aidean ibili gaitu denak, eta atzean Del Riok ere sekulako txapelketa egin du, baina guri gauzak ongi joan zitzaizkigun eta eta beraiei ez. Lehen jokoan denok ibili ginen urduri, baina jokoa guretzat izan zen. Horrek lasaitasun handia eman zigun, eta bigarrengoan eroso aritu ginen´´, esaten du Haritz Egañak.

´´Garbi dago beraiek ez zutela egunik onena izan, eta gu ongi aritu ginen. Konfiantzarekin jardun genuen, eta lehen jokoa nahiko ongi irabazteak ere indar gehiago eman zigun´´, esaten du, berriz, Javi San Josek.

Gasteiztarraren esanetan, gakoa bi gauzetan egon omen zen. ´´Hasi aurretik asko hitz egin genuen Haritzek eta biok, eta horrek konfiantza handia eman zigun biori. Gero, finalerdia jokatuta gentozen, tentsio handikoak izaten dira horrelako kinielak, eta oso ongi joan zitzaigun. Hura irabazteak ere konfiantza handia eman zigun´´, esaten du Javi San Josek.

Egañak etxean jokatu zuen finala, eta aurreko egunetan kezka hori izan omen zuen. ´´Ez dut uste presioa izan zenik, baina bai nabari nuela nolabaiteko kezka. Etxean jokatzen nuen, eta inguruko jende asko zetorren ni ikustera. Hala ere,  Zumaiako pilotalekua ongi ezagutzen nuen, eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ere ematen zidan´´, adierazten du Haritzek.

Bi pilotariak lortutakoaz gozatzen ari dira oraindik. ´´15 urterekin horrelako txapelketa batean parte hartu eta irabaztea sekulakoa izan da. Orain dela urte bat esan izan balidate Xisterako txapelketa bat irabaziko nuela, ez nukeen sinetsi ere egingo, baina lortu dut. Cabanillasen lehen fasea irabazi nuen, eta hura ikaragarria zen niretzat, eta orain Hirugarren Mailako txapela lortu dut. Ez sinesteko modukoa´´, esaten du aurrelari zumaiarrak.

San Jose ere berdintsu mintzatzen da. ´´Txapelketa hasi zenean ez nuen pentsatu ere egingo hau irabaziko nuenik. Zestan jokatzea gustatzen zait eta ikasten ete hobetzen jarraitzea zen nire helburua. Handia izan da hau irabaztea´´, esaten du gasteiztarrak.

Etorkizunerako ere bultzada handia izango dela onartzen dute biek. ´´Oraindik 15 urte dauzkat, eta ikasten jarraitu nahi dut, oraindik asko falta baizait. Hala ere, garbi dago honelako txapel bat irabazteak asko laguntzen duela aurrera egiteko, eta lanean jarraitzeko´´, esaten du Egañak.

´´Ni beti ikasten jarraitzeko gogoz nago, eta honelako txapelketa bat irabazteak asko balio du. Gasteizen pilotalekua itxita daukagu, eta berriro ere irekitzeko gogo biziz nago, normaltasunez entrenatu ahal izateko´´, dio, berriz, Javi San Josek.