Donibane Garazin berriro ekin diote lanari

  • 2018-04-25

Goizeko Izarra taldeak 90 urte ditu, Donibane Garazin izen hori aipatu, eta gauza handia da, jende asko hartzen baitu bertan, bera baita Nafarroa Behereko hiriburuko pilotako elkartea. Bere barnean dauka zestako eskola ere.

´´Zesta 70. hamarkadaren erdialdean iritsi zen Donibane Garazira. Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezalaxe World Jai Alai enpresa izan zen abian jarri zuena. Une hartan Amerikak puri-purian zeuden, eta hemen nahi zuten harrobia egin. Horretarako sortu zituzten eskolak, eta emaitzak ere eman zituen´´, dio Michel Biurrarenak, klubeko ordezkariak.

´´Ameriketara joan eta dirua egin, askoren ametsa zen, eta gainera gustuko zuten kirola eginez. Gazte eta gaztetxo asko hasi ziren orduan zestan, eta sekulako arrakasta izan zuen, nahiz eta gero apaltzen joan zen´´, eransten du Michelek. ´´Ordurarte xisteran bakarrik jokatzen zuen jendeak, hau da zestan, baina plaza librean eta hirunaka jokatzen zen, eta jokatzen da. Gaur egun ere xisteran jokatzen jarraitzen da, eta orokorrean pilotari berberak dira´´, gehitzen du.

´´Gezurra badirudi ere, lehen irakaslea Kanarietakoa izan zen. Bera hasi zen, eta gauzak ongi egin zituen. Gero, Alonso gasteiztarra etorri zen bere lekukoa betetzera, eta honek ere oso ongi egin zituen lanak. Hemen zestak bizi izan dituen urterik onenak izan ziren 70. hamarkadaren erditik hasi eta 90. hamarkadaren hasierara arte´´, dio Biurrarenak. Alonso, Goizeko Izarrak izan duen maisuetako bat izan zen, gainera, Gasteizek izan zuen lehen puntista profesionala. Zoritxarrez, zendu berria da.

World Jai Alai, eta frontoi luzearen zabaltzea, leku askotan bezalaxe, hemen ere batera etorri ziren. ´´Bolada hartan Ipar Euskal Herriko hiru eskualdeetan pilotaleku luze ugari egin ziren, eta pentsatzen dut World Jai Alaik hura baliatu zuela hemen eskolak zabaldu eta eurentzat harrobia sortzeko. Garai hartan gainera ez zegoen gaur bezainbat aukera, eta eurak ongi baliatu zuten´, dio Michelek.
Gero ordea, gainerako leku askotan bezalaxe, Nafarroa Beherean ere zestak behera egin du. ´´Apurka apurka behera joan da, prefesional izateko aukerak gutxitzen joan diren bezalaxe, behera egin du. Orain gure esku dago berriro ere horri bultzada eman eta gora eramatea´´, deritzo Biurrarenak.

´´Hemen arazo larri bat izan dugu, izan ere denbora baterako pilotaleku luzea itxi behar izan da obrak egiteko, eta hor eskolako ume asko joan egin zaizkigu. Orain berriro ere hutsetik hasi behar da, lehen zeuden ume eta gaztetxo asko beste kirol batzuetara joan dira, eta berri-berriekin ekin diogu aurrera egiteko, jarraitzen dutenekin ahaztu gabe´´, esaten du Michelek.

Hala ere lanean jo eta su jarraitzen dute Donibane Garazin. ´´25 lizentzi inguru ditugu, eta tartean badaude etorkizuna duten pilotariak ere. Eurekin eta jende berria erakarriz lanean jarraitu behar dugu´´, esaten du Michelek. ´´Neska bat bagenuen, Xisterako topaketetan ere parte hartzen zuen, baina Londresera joan da bizitzera, eta orain ez dabil´´, dio Goizeko Izarra taldeko ordezkariak.
Xisteraren ekarpena ere oso baliagarria dela deritzo. ´´Beharrezkoa zen zerbait da. Federazioek ez dute gehiegi egiten zestaren alde, eta kluben artean zerbait lortuko dugu. Azkenean pilotariek jokatu egin nahi dute, jokatu egin beharra daukate, eta beste gauza askoren artean Xisterak aukera hori ematen duenez, uste dut asko balioko duela. Etorkizunean emaitzak ikusiko direlakoan nago´´.

Zaleen aldetik ere Donibane Garazi ez du ongi ikusten Biurrarenak. ´´Hemen pilotarako zaletasuna ikaragarria dago, baina eskuzkoa, horrek bai izaten duela erantzuna bai ikusleen aldetik, eta baita jokalarien aldetik ere. Hemen, lehen zestako torneoa egiten zenean jendea joaten zen, baina ia denak turistak ziren. Euskal Herritik kanpo zestak badauka izena, eta hori turistekin ikusten da´, esaten du.

Berak garbi dauka etorkizunean beste era batera egin behar dela lan, eta amateurrei eman behar zaiela bultzada. ´´Lehen, urte askoan, hemen amateurren txapelketa handi bat egiten zen, baina gero aurreko alkateak profesionalekin jokatu nahi izan zuen, eta hor atzera pausoa eman genuen. Uste dut behetik datozenei eman behar zaiela aukera. Egun, zaila dago profesionaletara pasatzea, beraz, amateurrek eta hortik beherakoek ere ilusioa izateko lehiaketa onak behar dituzte´´, eransten du.

Hala ere Nafarroa Behereko hiriburuan gogoz jarraitzen dute lanean. Une honetan Olha da eskualdeak duen pilotari profesional bakarra, baina bertako umeentzat ez da erreferentzia. ´´Ez da hemen bizi, eta hemengo ume eta gaztetxo askok ez dute ezagutu ere egiten´´, esaten du Donibane Garaziko ordezkariak. Orain lanean jarraitu eta zestan jokatzeko aukera ematea da duten helburu nagusia.