Dena prest Interjaiko finalerdirako

  • 2018-09-19

Dena prest dago larunbat honetan 18.00etatik aurrera Donibane Lohizuneko Campos Berri Jai Alain jokatuko den Xisterako Interjai Txapelketako finalerdirako. Antxon eta Ibarluzea jadanik urriaren 6an Bilboko Deportivon jokatuko den finalerako sailkatuta daude, eta larunbatean jakingo dute zeintzuk izango diren haien aurkariak.

Goixerri-Andonegi, Retolaza-Uriel eta Bailo-Manci izango dira aurrez aurre arituko direnak. Kiniela erara jokatuko dute eta 25 tantora izango da. Hiru bikote, baina batek bakarrik izango du aurrera egiteko aukera. Sailkatzen ez direnek ere izango dute Bilbon jokatzeko aukera, baina hirugarren postuaren borrokan. Ikusmina handia dago, eta baita pilotarien herrietan ere, eta kirolariek ez dute euren zaleen babesik faltako. Arituko diren sei pilotariek izango dute euren babesa, eta horrek giroa asko berotuko du.

Faboritoak aipatzea ez da erreza, kiniela erara jokatuko baita eta hiru bikoteek izango dute aurrera egiteko aukera. Baina, Donibane Lohizunera doazenek izango dute baita ere bosgarren eta seigarren posturako partida ikusteko aukera ere. Iturrino eta Susoren ordez arituko den Toucoullet, Etcheberryren eta Zugaitzen aurka neurtuko dira.

Finalerdia igandean diferituan ikusi ahal izango da Euskal Telebistako lehen katetik, eta larunbatean bertan zuzenean Xisterako YouTube kanaletik.