Cosmek eta Del Riok bere erritmoa jarri eta titula eskuratu dute

  • 2016-09-18
  • Mutrikuko finaleko saridunak

Bailo eta Antón Gandiaga menderatu zituzten bi setetan (15-10 eta 15-9) beteta egon zen Miruaitz frontoian

COSME-DEL RÍO: 2 (15, 15)
BAILO-ANTÓN: 0 (10, 9)

Tanteoa: 6-1, 7-2, 8-2, 13-9, 14-10 eta 15-10 // 5-0, 5-1, 6-1, 7-1, 7-2, 8-2, 8-4, 9-4, 9-5, 11-5, 11-6, 13-6, 13-8, 14-8, 14-9 eta 15-9

Iraupena: 35 minutu

Kronika:Ekainean Durangon jokatutako Xisterako Zirkuituko lehen torneoan txapeldunordeak izan ziren Cosmek eta Del Riok porrot hau ahaztu eta, finalerdietan bezala beteta egon zen Miruaitz frontoian jokatutako norgehiagoka batean, Mutrikuko Txapelketako titulua lortu dute.

Garaileek bere erritmoa jarri zuten lehen setean eta berehala zabaldu zuten. Orduan Cabanillasen ere bigarren geratu zen Cosme eta Del Río hobeto aritu eta 15-10reko emaitza sinatu zuten.

Hurrengo jokoaren hasiera antzekoa izan zen, Zumaiako aurrelaria oso ausart arituz eta Julen atzeko koadoroetan bere indarra eta segurtasuna erakutsiz. Hori zela eta, 5-0ekoa igo zen markagailura, baina orduan Agirrek sake falta bat egin zuen.

Gorriek berehala hartu zuten berriro agintea, urdinek, ordea, ez zuten behera egin eta 8-2kotik, 9-5 eta 11-6kora pasatu zen, Antonek ondo jokatzen zuelako eta Bailok, berriz, azken tanto arte biziki borrokatu zuelako. Hala ere, hori ez zen nahikoa izan bere aurkarien nagusitasunaren aurrean eta hauek eskuratu zituzten txapelak.


JON BIDONDO-MIKEL MANCISIDOR: 2 (13, 9, 5)
IKER IBARLUZEA-THEO LABORDE: 1 (9, 13, 4)

Tanteoa: 1-1, 7-1, 7-5, 8-5, 8-6, 9-6, 10-7, 12-9 eta 13-9 // 0-2, 1-2, 1-5, 2-5, 2-7, 3-7, 3-8, 4-8, 4-9, 7-9, 7-12, 9-12 eta 9-13 // 2-0, 2-2, 3-3, 3-4 eta 5-4

Iraupena: 39 minutu

Kronika: Mikel Mancisidor etxeko pilotariak bere herritarren aurrean eskuratu du garaipena, izan ere, Mutrikuko Txapelketa irabazi du, Jon Bidondorekin batera Iker Ibarluzea eta Theo Laborde 2-1 menderatuta. Lehia emozioz beterikoa izan zen eta hirugarren eta azkena izan zen jokoan tanto bakar batengatik erabaki zen (5-4).

Lehenengoan, gorriak indartsu hasi eta bere aldeko 7-1ekoa jarri zuten markagailuan, baina bere aurkariek ez zuten amore eman eta 8-6kora hurbildu ziren, 13-9ko emaitzaz galdu baino lehen. .

Bigarrenean, egoera erabat aldatu zen, urdinak seguruagoak aritu baitziren, piloteoa luzatuz, beraz, 2-7kora ihes egin eta erdialdean arazo baten bat sufritu ostean (7-9), partziala errepikatu zuten, baina kasu honetan, bere alde.

Berdinketa hausteko jokoa emozio handikoa izan zen, txapeldunek aurrea hartu bazuten ere (2-0), gero 2 eta 3nako berdinketak heldu zirelako eta jarraian urdinak aurretik ere jarri zirelako (3-4). Hala ere, bere arerioek azken bi tantoak egin eta horrela, Jonek eta Donibane Lohizunen ere irabazi zuen Mikelek garaipena sinatu zuten.


NAHIA CALVO-ENERITZ LIZARDI: 13
MAITE ORTIZ DE MENDIVIL-IZARO ARBE: 15

Tanteoa: 0-2, 1-2, 1-3, 2-3, 2-4, 4-4, 5-5, 6-6, 6-8, 8-8, 9-9, 9-12, 11-12, 11-14, 13-14 eta 13-15

Iraupena: 15 minutu

Kronika: Maite Ortiz de Mendivil gasteiztarrak eta Markina klubeko eta lesionaturik dagoen Jane Arreitunaindiaren ordez jaialdian sartu zen Izaro Arbek Mutrikuko Txapelketako nesken mailako titulua eskuratu dute., baina hori bai, izerdi dexente botata. Izan ere, Nahia Calvo berriatuarrak eta etxeko Eneritz Lizardik partida bikaina egin dute, 13-15eko emaitzaz galdu egin badute ere.

Norgehiagoka oso orekatua izan zen eta hamargarren tantora ailegatu baino lehen, bost berdinketa egon ziren markagailuan. Hala ere, fase erabakigarrian, urdinek bizpahiru tantoko alde txiki bat lortu eta garaipena erdietsi zuten.

Irabazleen aldetik, Maite bikain aritu zen sakean, Izarok bere kalitatea erakutsi zuen atzeko koadroetan eta Eneritz, berriz, pilota zailak eraman zituen frontisera, egunetik egunera hobeto dabilela baieztatuz. Bestalde, Nahiak kolpe bortitza daukala erakutsi eta oso ausart ibili zen pilotari joateko orduan.