Bizkaiko hiriburuak behar duen proiektua da Bilbo Jai Alai

  • 2018-04-11

Euskal Herrian dagoen klubik gazteenetakoa izango da Bilbo Jai Alai. Bizkaiko hiriburuak behar duen proiektua dela ere esan daiteke. Oraindik egonkortze prozesuan dago elkartea, baina etorkizunean, zer esana eman nahi duena da.

´´Bilbo Jai Alai 2009an sortu zen, baina orain arte ez dugu izan frontoi finkorik. Orain, Bilboko Deportivon hasteko moduan izango garela uste dut´´, esaten du Irantzu Arginzonizek, taldeko presidenteak. Bera izango da, gainera, Euskal Herriko kluben artean dagoen emakumezko presidente bakarra.

´´Une honetan ez dugu lehiatzen. Zazpi bat pilotari izango ditugu, baina ongi pasateko datoz guregana. Lehen izan genuen eskola bat, baina erakusten zienak beste leku batera joan behar izan zuen lanera, eta umeak joan ziren´´, dio Irantzuk.

Orain, ordea, eta non aritua izan da, gauzak aldatzeko itxaropen osoa daukate. ´´Eskolaz eskola hasiko gara joaten. Umeak erakarri eta ea udazkenean eskola bat zabaltzen dugun. Bilbo handia da, eta uste dut egongo dela nahiko jende gure proiektua aurrera eraman ahal izateko´´, deritzo presidenteak.

Proiektua, ordea, polita, oso ederra dute, eta lantzen hasteko irrikaz daude.´´Eskola abian jartzea da gure lehentsaunetako bat. Gero proiektuari egonkortasuna eman behar diogu, baina umeez gain, hemen gurekin jokatu nahi duen guztiarentzat ateak zabalduta ditugu´´, esaten du Arginzonizek.

´´Helbura pilotariei lizentziak egin eta jokatzeko aukera ematea da, baita heldueri ere, eta nola ez, gazteak eta gaztetxoak zestara gerturatzea. Une honetan ongi pasatzeko gurekin daudenei ere aukera eman nahi diegu. Tartean kubatar bat dugu, Jorge Calleiro, eta bera gure proiekturako, gainera, oso garrantzitsua izango da. Honuntza ikastera ere jeden asko dator, eta haieri ere eman nahi diegu aukera gurekin lizentzia egin, eta gure klubarekin jokatzeko. Oraindik lan asko daukagu egiteko, baina apurka-apurka egin nahi dugu, eta honek hazten joan behar du´´, esaten du Irantzuk.

Neskak erakartzea da beste helburuetako bat. ´´Neskak ere behar dira zestan. Uste dut ari dela hau indartzen, eta geroz eta neska gehiago direla zesta probatu nahi dutenak. Bilbo handia da, eta seguru hemen ere badaudela zesta zer den ikusi eta ikasi nahi dutenak. Guk ateak zabalik ditugu, eta haiek ere erakartzea oso garrantzitsua dela uste dugu´´, deritzo Irantzuk.

Izan ere Bilbo Jai Alai ez dago geldirik egoteko, eta hainbat ekitaldi ere antolatzen ditu. ´´Gauza asko egiten ditugu, eta antolatu ere bai. Zesta bultzatuz gabiltza, eta Bilboko jaietan esaterako, profesionalen partidak ere antolatzen ditugu. Zestak hemen izan behar du etorkizuna. Klub ezberdinekin ere egin ditugu txapelketak, Eskal Herriko guztiak gonbidatzen genituen´´, gehitzen du Irantzuk.

Xisteraren ekarpena ere oso garrantzitsua dela deritzo.´´Beharrezkoa da horrelako ekimen bat, aurrera egin ahal izateko. Guri laguntzeko ere prest agertu dira lehen minututik, eta garbi dago honela egin behar dugula aurrera. Denon artean egin behar dugu lan zesta berriro ere indartu dedin. Kirol hau gustatzen da, eta etorkizuna baduela sinetsita nago´, esaten du Bilboko presidenteak.

Bilbo Jai Alai lehen pausoak ematen ari da, baina zuzen, estropuzik egin gabe, eta denborak esango du, baina Bizkaiko hiriburuak behar zuen proiektua dela esan daiteke, eta egonkortzea lortzen duenean, seguraski ere zer esana emango duen proiektua izan daiteke bai Bilbon, eta baita Bizkaian ere.