Bigarren ahaleginean ere Palentzian ez du zestak aurrera egin

  • 2018-10-18

Palentzian zesta gustuko dute, baina ez du jarraipena izaterik lortzen. 90. Hamarkadan bazen eskola bat bertan, apurtu zen. Orain dela dozena bat urte berriro ere abian jarri zuten, baina berriro ere bertan behera joan da. Ea hirugarren batean sustraiak behar bezala itsasten dituen.

´´Hemengo zesta eskola 2012an desagertu zen. Aurretik sei edo zazpi urte egin zituen martxan´´, esaten du Domingo Rabanalek, klubeko delegatua izan zenak. ´´Ahalegin handia egin genuen hirian, eta inguruan, baina hasieran etorri zitzaizkigun sei edo zortzi jokalari, eta hauekin egin genuen beti aurrera. Gero ez zen besterik etorri´´, eransten du.

Hala ere, hori ez omen zen izan Palentzian zesta izan zen lehen aldia. ´´Lehen ere izan zen, 80. hamarkadaren amaieran eta 90. hamarkadaren erdirarte egon zen. Objetivo Barcelona 92 saioetan ere parte hartu zuten, eta maila oso ona zegoen. Emilio izeneko bat zen hemengo irakaslea. Gero berak utzi egin zuen, eta horrekin batera desagertu zen´´, du gogoan Domingok.

Urte batzuk beranduago, ordea, berriro abian jarri zen eskola. ´´Amerikar bat ibili zen zestak erakusten, plastikozko zestak, umeentzat bere ustez egokiak zirenak, eta egia esan berriro ere hirian zestaren gosea piztu zuen. Ez zen jende asko, baina bai eskola osatzeko adinakoa, eta abian jarri ginen. Gaztela Leongo eta Palentziako Txapelketak jokatzen zituzten gure pilotariek, eta baita tartean erakustaldiren bat edo beste ere´´, esaten du.

Bigaren ahaleginean, ordea, berriro ere ez zuen itsasterik lortu. ´´Nik uste dut urte onak izan zirela baina tartean gorabehera batzuk izan ziren, eta apurka desagertzen joan zen, eta pena da, baina horixe gertatu zen´´, esaten du Domingok.

Zestak Palentzian urte onak bizi izan dituela ere gogoratzen du Ismaelek. ´´Egia esan urte onak ere izan dira. Hemen nazioarteko txapelketak ere jokatu izan dira, Mundialak, zestarako pilotaleku bikaina daukagu´´, esaten du. Hala ere, azkeneko obrek apur bat izorratu dutela dio. ´´30 metrotan errebote mugikorra egiteko eraikina jarri zuten, eta goiko burniak hor daude. Zestan pilota asko igotzen da, eta haiek jotzeko arriskua hor dago, baina hala ere uste dut jokatzeko ez dagoela inongo arazorik´´, dio.

Orain dena amaituta, ez daki berriro zesta izango den Palentzian. ´´Ez da zesta bakarrik, hemen eskuak ere indarra bazuen, eta hura ere desagertu zen. Frontenisa da orain hemen indarra duena, eta baditugu bi frontoi bikain 36 eta 54 metrokoak. Hala ere zestan ibilitako jendea hor dago, eta norbaitek bultzaz gero, akaso berriro jarriko lirateke abian, baina orain ez dago ezer´´, esanez amaitzen du Domingo Rabanalek.

Garbi dago zestaren suaren txinpartak bizirik jarraitzen duela Palentzian, eta kirol honentzat leku aproposa dela. Pilotaleku bikaina dute, baina baten faltan, 54 metroko bi daude, izan ere pribatua den beste bat ere bai baitago, eta alde horretatik gutxik bezalako aukerak dituzte. Agian izan dutena baino laguntza apur bat gehiago izan beharko lukete.