Biarritzeko taldean ere ari dira neskak gehitzen

  • 2021-01-29

Neskak zesta mundura geroz eta gehiago ari dira gerturatzen, baina garbi dago oraindik ere gehiago behar direla. Biarritzen Loreline Cariteau zebilen, Xisterako lehiaketetan ere ibiltzen da, baina orain Oihana Sorozabal gehitu zaio. Aita, Laurent, profesionala izandakoa, eta bere bi anaiak Johan eta Gorka ere profesionalak dira, biak ere Xisteran aritu ziren Ameriketarako bidea hartu aurretik.

´´Oihanak bi urte daramazki zestan jokatzen. Oraindik 15 urte besterik ez ditu, baina asko ari da hobetzen. Oraindik oso gaztea da, eta hobetzen jarraitu behar du´´, esaten du bere entrenatzailea eta aita den Laurentek.

Elkartean bi neska besterik ez dira ari, eta gehiago nahiko lituzke. ´´Bi bakarrik dira, baina adinean ere aldea dute. Ipar Euskal Herrian ez dira asko, egia esan zenbat izango diren ere ez dakigu seguru´´, esaten du Laurentek. ´´Ipar Euskal Herrian txapelketaren bat neskekin antolatu behar dutela ere esaten dute, baina ez dakigu. Hala ere, Hegoaldean baino askoz ere gutxiago daude hemen´´, gehitzen du.

Alaba zestan ikusteak ilusioa egiten dio. ´´Azken batean berak txikitatik bizi izan du. Denetan gazteena da, eta denak ikusi gaitu jokatzen. Ilusio handia egiten dit bera eta bere bi anaiak ere zestan jokatzen ikustea. Nik ahal den neurrian lagunduko diet´´, esaten du.

Nesken falta horretan mutilekin aritzen da Oihana ere. ´´Normalean mutilekin aritu behar izaten du, batzuetan adinekoekin, edo eta gazteagoekin. Bera neskekin lehiatzeko gogoz dago, eta pausoa eman beharko du´´, dio Sorozabalek.

Loreline Cariteau bera ere ez dago haserre, gutxienez entrenatzerako garaian, klubean beste neska bat ere bai baitu. Hala ere biek garbi daukate askoz eregehiago behar ditzutela, eta zesta probatzeko deia luzatzen die neska guztiei.