Berriatua aldean sasoiko eta indartsu dago zesta

  • 2018-08-30

Beti izan du zestak indarra eta sona Berriatuan, baina beste leku askotan bezalaxe, han ere izan dira urte zailak. Hala ere, badirudi horiek amaitu direla, eta berriro ere indartu dela kluba, azken hiru urte hauetan jendearen etorria asko nabarmendu baita.

Berriatua eta zesta uztartuta daudela esan daiteke, baina zestako kluba ez zen sortu orain dela 35 urte arte. ´´Berriatuan beti izan du zestak indarra, baina lehen frontoirik ez zen, eta jendea Markinara joaten zen, han aritzen ziren. Profesionalak ere baziren, mordo bat Ameriketara ere joan ziren, baina herrian ezin aritu. 1983an egin zuten pilotalekua, eta orduan sortu zen hemengo kluba´´, adierazten du Mikel Plazak, klubeko ordezkariak.

Zestak urte oso onak izan ditu, baita txarrak ere, eta tarte horretan, berriro ere gorako bidea hartu duenaren itxura dauka. ´´Une honetan 50 lagun inguru arituko dira zestan hemen klubean. Herria txikia da, 1.200 biztanle ditu, beraz esan genezake gauzak ez doazela gaizki´´, esaten du Plazak.

´´Ia umerik gabe geratu ginen, eta orain dela hiru urte erabaki genuen honi indarra ematea eta zabaltzea. Horrekin 30 ume inguru etorri zaizkigu, eta klubeko zuzendaritzan ere jende gehiago sartu da. Orain daukagunari eutsi eta ahal bada gehitzea da gure helburua, baina jakinda zenbat garen herrian, ez dut uste datu txarrak direnik´´, gehitzen du.

Neskekin ere ahalegin berezi bat ari dira egiten. ´´Une honetan bost neska ari dira jokatzen, eta gustura gaude. Otsailean nesken lehiaketa bat antolatu genuen, Kataluniatik ere ekarri genituen, eta oso gustura geratu ginen. Etorkizunean ere honekin aurrera jarraitzeko asmoa daukagu´´, dio Mikelek.

Plazaren esanetan, zestarako afizioa ikaragarria omen da herrian. ´´Hemen futbola eta zesta, ez daukagu besterik. Herriko jenderik gehienak probatuko zuen zesta. Eskuz pilotaririk ez daukagu. Lehen palan aritzen ziren batzuk, baina une honetan bakarrak gara´, dio.

´´Gainera, pilotalekua guretzat bakarrik daukagula esan genezake, eta ahalik eta ordurik gehien pasatzen saiatzen gara, hori abantaila handi bat da guretzat, gu bakarrik egotea´´, gehitzen du.
Herriko amateurrik onenak, edo profesionalak ere gazteentzat erreferentzia direla dio. ´´Herriko gazteentzat profesionalak edo puntan dabiltzan afizionatuk erreferentzia dira, eta gainera eurak ere beti daude klubari laguntzeko prest, eta hori oso garrantzitsua da. Une honetan gauzak doazen bezala, uste dut bide onetik doazela´´, dio Mikelek.

Xistetaren ekarpena ere oso ona dela uste du. ´´Iruditzen zait Xisteraren ekarpena oso garrantzitsua dela. Alde batetik pilotariei beste aukera bat ematen die, eta eurentzat hori oso baliagarria da, baina gainera klubentzat ere horrela dela uste dut. Lehen klub bakoitzak bidea bere aldetik egiten zuen, eta orain denak batera goaz, eta hori aurrera urrats garrantzitsua da. Gure babes osoa dauka Xisterak, eta gu laguntzeko prest´´, esaten du.

Etorkizunari begira ere itxaropentsu daude. ´´Une honetan gauden bezala, uste dut itxaropentsu izan behar dugula, eta garbi daukagu aurrera begira bide honetatik jarraitu behar dugula´´, deritzo Plazak. Garbi dago Berriatuak zestan aritzeko baldintza ezin hobeak dituela, eta seguraski aurrera begira ere bide onetik jarraitzeko modua izango dutela.