Batasunak indarra ekarri du Donibane Lohizunera

  • 2018-03-21

Urte askoren ostean Donibane Lohizunen zesta batuta dago. Horrek indarra eman dio eta aurrera begira itxaropena ere bai. Lapurdiko herri honetan urte askoan izan dira bi klub ezberdin zestan aritzeko, baina azkenean denak batera doaz eta hori oso berri ona da.

Luzean kluba 1929. urtean sortu zen, baina zesta askoz ere beranduago sartu zen klubera, pilotako beste jokamolde batzuk izan bait zituen Luzeakek bere sorreran. Hala ere, zestak beti izan du ospea eta sona Lapurdiko kostaldeko herri honetan. 60. hamarkadaren erdialdean Pitxitxi Santesteban eman zen ezagutzera, bera izan baitzen Lapurdiko lehen pilotari profesionala zesta puntan. Horrek asko lagundu zion zestari, eta etorkizuneko gazteei ere bidea zabaldu zien. Pitxitxi pilotari ezaguna zen, pilotako atal ezberdinak jorratu zituen, zestan aritzeaz gain, beste jokamoldeak ere probatu baitzituen eta denetan izan omen zen ona, gainera.

´´Donibane Lohizuneko zestako lehen eskola USLF klubak sortu zuen. Gero, tartean Ameriketako Estatu Batuetako World Jai Alai enpresa sartu zen, eta berak Gaztenak eskola sortu zuen, eurentzat harrobia izateko helburuarekin, eta horrela zestako bi klub geratu ziren Donibane Lohizunen´´, dio Asier Uribek, Luzean taldeko zestako arduradunak.

Denak batzea, ordea, ikaragarri kostatu zela dio Uribek. ´´1997. urtean Gaztenak klubak barne arazoak izan zituen, eta handik beste klub bat agertu zen, Xistera sortu zen. Luzean ere bazegoela ahaztu gabe, pilotako hiru klub zeuden bapatean herrian eta batzeko asmoak agertzen hasi ziren, eta baita batzarrak egiten ere´´, esaten du Uribek.

Hiru kluben arteko batzarrak emaitzak ematen hasi ziren, baina ez nahi ziren bezelakoak. ´´Helburua denak batzea zen, eta horretan saiatu ginen, baina ez genuen lortu erabateko batasunik. Luzean eta Gaztenak batu ziren, horrela talde berriak Luzaz Gazte izena hartuz, bainan Xisterak bere bidetik jarraitzea erabaki zuen, eta hirutik bi klub izatera pasatu zen Donibane Lohizune´´, oroitaratzen du Asierrek.

Hala ere, denak batzeko asmo horrek bere horretan jarraitzen zuen, eta lan guztiaren fruitua 2015.urtean iritsi zen, herriko klub guztiak batuz. Hastepeneko izena, Luzean, alegia, hartu zuen klub berriak. Horrela herriko pilotako jokamolde guztiak klub bakar batean bildu ziren.

´´Une honetan klubak 220 lizentzia izango ditu, eta horietako 85 dira zestakoak. Horietako erdiak dira umeak´´, esaten du Uribek. ´´Nesketan, berriz, bi besterik ez ditugu. Batek 11 urte ditu, eta besteak 25. Hor daukagu lana egin beharra, emakumezko gehiago behar baitira´´, esaten du.

Donibane Lohizuneko Jai Alaia Lapurdiko zaharrenetakoa da, eta beti izan du zestak indarra eta tradizioa bertan. Horri esker profesional ugari ere eman ditu herriak, ugari izan baitira Pitxitxik ireki zuen bideari jarraitu diotenak. ´´Une honetan Tanburindegi anaiak, Laduxe, Olha edo Urtasun dabiltza profesionaletan´´, adierazten du Luzeaneko Zestako arduradunak.

Xistera klubak ekarri duen haize berria ere oso garrantzitsua izan dela onartzen du Uribek. ´´Xistera oso aberasgarraia da zestarako. Leku ezberdinetako klubak batzeko balio izan du, eta egin den ekarpena ikaragarria izan da. Denak batera aurrera egiteko bidea egin digu. Lehiaketak ugaritu dira, maila igo da, eta gaztetxoekin egiten den lana ere handia da, umeak zestara gerturatuz. Pasa den urteko umeen kanpusean gure klubeko 15 ume izan ziren, eta hori handia da. Emakumezkoekin egiten ari dena ere oso lan ona da´´, esan zuen Asier Uribek.