Bartzelonako Vasconia taldea Xisteraren proiektura batu da

  • 2019-03-25

Bartzelonako Vasconia taldea Xisteraren proiektura batu da. Kataluniarrek Xisteran sartzeko eskaria egina zuten, eta pasa den igande honetan Mutrikun ospatu zen Batzar Orokorrean aho batez onartu zen bere sarrera. Honekin Xisteraren proiektua zabaltzen ari da, izan ere, orain arte Euskal Herriko zazpi herrialdeak baldin bazeuden ordezkatuta proiektu honetan, Katalunia osoan dagoen bakarra ere bertan izango da hemendik aurrera.

Giro onean joan zen Mutrikuko Batzarra, eta gai zerrendako puntu guztiak aho batez onartu ziren. Berrikuntzen artean, Xisterako zirkuituak aipatu behar dira, izan ere orain arte mutiletan maila nagusia eta gazte mailakoa baldin baziren, hemendik aurrera mutiletan Lehen, Bigarren eta Hirugarren mailak izango baitira eta igoerak eta jaitsierak izango dira.

Bestetik, mutiletan, kadeteak ere hasiko dira jokatzen. Nesketan, ere, iaz bezalaxe, aurten ere Zirkuitua izango da, eta urte asko baino lehen, hor ere maila bat baino gehiago izatea espero da. Bestetik, denbora gutxi barru kalean izango den zesta puntako irakaskuntzako liburuaren berri ere eman zen Mutrikun ospatu zen Batzar Orokorrean.