Aurtengo Xistera Zirkuituan ere maila ona eman nahi dut

  • 2019-03-07

Zugaitz Sallaberryk bere erregulartasuna erakusten jarraitzen du Xisterako Zirkuituetan. 2017an txapela lortu zuen Goixerrirekin batera, eta 2018an finalean eta finalerdietan izatea lortu ez bazuen ere, Interjain aritzeko txartela eskuratu zuen.

Bere ikasketak egiten jarraitzen du Bordelen. Hango Xistera taldearekin entsaiatzen da, eta entrenatzen ditu hango pilotariak, nahiz eta bere klubean, Donibane Lohizuneko Luzean taldean, ari den jokatzen. Zestara, esku pilotatik iritsi zen.

´´Donostian hasi nintzen esku pilotan jokatzen, eta lehen urteak horrela eman nituen, Donibane Lohizunen eta Urruñan ere aritu nintzen. Gero, eskuetan arazo batzuk banituen eta Donibane Lohizunen hasi nintzen 12 urterekin zestan jokatzen. Garai hartan bi elkarte ziren Donibanen, eta haietako batean ari nintzen. Orain Luzean taldean jarraitzen dut´´, esaten du Zugaitzek.

Une honetan Bordelen ikasten du, eta han entrenatzen du, eta baita hangoak entrenatu ere. ´´Nire ikasketengatik Bordelen pasatzen dut astea, eta hemen entrenatzen dut, eta Xistera Elkarteko pilotariak, Xistera baitu izena hemengo klubak, entrenatzen laguntzen ere aritzen naiz´´, esaten du.

Girondako pilotari hauek oraindik ez dutela euskal pilotarien maila, baina lortu dezaketela uste du. ´´Saiatzen ari dira, eta lanean ere bai. Instalakuntza onak daude, baina oraindik ez daude gure mailan. Hala ere lanean jarraitzen badute, uste dut lortuko dutela gure parean jartzea´´, esaten du.

Ziburutarra, ordea, ez da frontoian bakarrik aritzen, plaza librean, xistera handiarekin ere aritzen baita, eta bi modalitateen arteko ezberdintasunak ere argitzen ditu. ´´Arras ezberdina da. Plaza librea eta frontoia bi leku ezberdin dira, beraz jokatzeko era dena aldatzen da. Gainera, batean bi gaude, eta bestean hiru. Plazan saiatzen gara atzera pilota jo, eta gero aurrean bukatzen´´, esaten du.

´´Pilota ere ezberdina da, eta zestak bai berdinak dira, baina plazan hiru garenez, postuaren arabera aldatu daiteke zestaren tamaina´´, esaten du Sallaberryk.

Hori bai, berak nahiago omen du frontoia. ´´Biak ditut maite, baina pertsonalki, nahiz eta bietan gustura jokatu, nahiago dut frontoia´´, esaten du.

Xisteran egin duen denboraldiarekin gustura dago, baina baino batzuekin. ´´Zumaiako Torneora arte ongi netorren, ez nuen finalik irabazi, baina hor ibili nintzen. Zumaian finalerdietan sartzeko tanto batzuk behar nituen, baina haiek egiteko gai ez nintzen izan, eta oso gaizki aritu nintzen´´dio.

Hurrengo denboraldiari begira ere helburuak jarrita dauzka. ´´ Interjain sartu naiz, eta hori izan behar du helburua, bai Zirkuituan eta baita Interjain ere, finalerdietan izatea. Maila oso ona dago, pilotari handiak ari dira jokatzen, eta badakit zaila izango dela, baina borroka horretan ibili nahiko nuke´´, esaten du Zugaitz Sallaberryk.