Antxonek eta Mancik iazko arantza atera ahal izan dute aurtengoan

  • 2019-01-11

Antxon Alberdik eta Mikel Manzisidor Mancik irabazi zuten pasa den abenduaren 22an Xisterako Mutilen maila nagusiko Ugarein Zirkuitua. Etxebarriakoak eta Mutrikukoak iaz finalerdietan ez zuten lortu finalean izateko txartelik, baina aurtengoan txapelak buruan dituztela amaitu dute.

´´Arantza hori hor geneukan. Iaz ez genuen lortu finalean sartzerik, eta hor barruan generaman arantza hori, eta aurten irabazteaz gain, hori atera ahal izan dugu´´, dio Antxonek. ´´Iaz nire herrian, Mutrikun, finalerdiak ez genituen igaro, eta arantza hori han geratu zen. Kasualitatea edo ez, aurten berriro ere elkarrekin ginen, eta txapelak ez digu ihes egin´´, dio Mancik.

Finalari begira jarrita, txapeldunek garbi uzten dute tentsio handiko partida izan zela. ´´Tentsio handiko partida zen. Jende asko zegoen harmailetan, final bat zen, gauza asko ziren, eta tentsio handia nabari zen kantxan. Hala ere garaipena lortu genuen´´, esaten du Alberdik.

Mikelek ere sentimendu beretsuak ditu. ´´Nabari zen ez zela partida normal bat. Tentsio handia zegoen. Final batek berez beti ematen dizu tentsio bat, eta harmailak horrela ikusteak oraindik eta areagotu egiten du. Pentsatzen dut partida polita atera zela´´, dio mutrikuarrak.

Biek garbi omen zeukaten lehen jokoa irabazteak garrantzi handia zeukala. ´´Hasi aurretik oso garbi geneukan lehen jokoa irabazi beharra zegoela. Horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen dizu bigarrengorako. Galtzen baduzu, berriz, sekulako presioa izaten da, eta alde horretatik ere hasieratik hasi ginen ongi, eta bigarrengoan ere gauzak txukun egin genituen´´, esaten du Antxonek.

´´Setetarako partidetan aurrenekoak irabazteak garrantzia izaten du beti, baina finaletan oraindik eta gehiago, tentsio handia izaten baita. Guk irabaziz hasi nahi genuen, eta pentsatzen dut finalean gauzak nahi bezala joan zitzaizkigula´´, aitortzen du, berriz, Mancik.

Egin duten denboraldia ere ez da edonolakoa izan, Xistera Zirkuitua irabazteaz gain, Antxonek Interjai Txapelketan bigarren amaitu baitzuen, eta Xisterako Zirkuituko bost torneo ere irabazi ditu. Mancik  hirugarren postua eskuratu zuen Interjain, eta Xisterako Zirkuituko bi torneo ere eraman ditu.

“Urte oso ona izan da zentzu guztietan. Azkenean Xisterako bi lehiaketetako finalak jokatu ditut, bat irabazi eta Zirkuitu barruan ere bost irabazteaz gain, beste bietan ere postu onak lortu ditut. Hortik kanpora ere gauzak ongi joan zaizkit. Aurreko urtea oso ona izan dela esango nuke´´, dio Antxonek.

´´Egindakoarekin oso gustura geratu naiz. Afizionatuen mailan Xisterako Zirkuitua eta Interjai Txapelketa dauden bi torneorik garrantzitsuenetakoak izango dira eta bat irabazi eta bestean hirugarren geratzea oso ona izan da. Gainera, Zirkuituko bi torneo ere irabazi ahal izan ditut, eta egindakoarekin konforme nago´´, esaten du Mikelek.

Aurtengoan, gainera, mutrikuarren urtea izan da Xisterako mutilen maila nagusian. Interjai bi mutrikuarrek irabazi zuten, Goxerrik eta Andonegik, eta Zirkuituko irabazleetako bat, Manci ere hangoa da. ´´Hori poztekoa da, eta Danok Bat elkartearentzat berri oso ona da. Lan asko egin du, eta emaitzak ere ari dira ateratzen´´, esaten du Mancik.

Ez dute atseden hartzeko tarte handirik izango Antxonek eta Mancik, lehiaketa ezberdinak abian direlako, baina aurten lortutako guztiak ere, aurrera begira  oraindik eta bide argiagoa izan dezaten lagunduko zien.