Antxonek eta Goixerrik finalean lehen jokoa irabaztea garrantzitsua izan zela diote

  • 2020-01-09

Antxonek eta Goixerrik irabazi zuten Mutilen Xistera Zirkuituko maila nagusiko finala, partida erabakiorrean Gonzalez eta Manci mendean hartuta. Berriatuako klubean ari den Etxebarrikoak bigarren urtez jarraian jantzi zuen txapela eta onenekin lortzen zuen aurrenekoa izan zen Goixerri gaztearentzat.

Uni piloitalekuko finala ez zen ongi hasi beraientzat, 1-5 galtzen ekin baitzioten. ´´Hasiera ez zen ona izan. Beraiek agintzen hasi ziren, atzean pilota berriekin Manci nagusitzen hasi zen, baina bagenekien jokoa luzea zela, eta lanean jarraitu behar genuela. Behin aurrenekoa irabazita lasaitasun apur bat ematen dizu, eta galduta, berriz, derrigortuta zaude bigarrena irabaztera. Alde horretatik bigarrena nahiko ongi eraman genuen´´, esaten du Antxon  Alberdik.

´´Hasieran apur bat kostatu egin zitzaigun, beraiek oso ongi hasi zirelako. Guk ez genuen etsi, eta lanean jarraitu genuen. Horrek lehen puntua lortzeko balio izan zigun´´, dio, berriz Goixerrik.

´´Lehen jokoa irabaztea oso garrantzitsua izaten da, bestela presioa gehitzen joaten da, eta bigarren horretan dena egin behar duzu ongi. Behin aurrenekoa lortu genuenean, uste dut bigarren jokoa ongi eraman genuela´´, esaten du atzelari mutrikuarrak.

Aurten atzelari gazte bat izan zuen Antxonek lagun, baina berarekin inoiz ez zuela kezkarik izan esan zuen. ´´Aratz oraindik oso gaztea da, baina maila oso handiko pilotari bat da. Final asko ari da jokatzen, eta irabazten ere bai. Alde horretatik ni lasai nengoen, banekien nolakoa zen, eta azkenean berak bere maila eman zuen´´, adierazi zuen aurrelari bizkaitarrak.

Goixerrirentzat, berriz, final berezia izan zen, maila nagusian jokatzen duen aurrenekoa. ´´Lehen urtea izan da maila nagusian jokatzen, eta finalean sartzea oso garrantzitsua eta ederra izan da. Gainera irabazi egin nuen, ezin da gehiago eskatu´´, dio Aratzek.

Antxonen ondoan jarduteak ere lasaitasun handia ematen duela onartu zuen. ´´Ni oraindik oso gaztea naiz, eta aurrean Antxon bezalako aurrelari bat izateak beti lasaitasuna ematen du, berak ere gainera horixe transmititzen zidan. Gustura jardun nuen berarekin´´, dio Goixerrik.

Aurkariak, berriz, aste bat lehenago finalerdiak irabazita etorri ziren, baina horrek ere ez ziola kezkarik sortzen adierazi zuen Antxonek. ´´Gu ere ez ginen geldirik egon. Bezperan Gipuzkoako finala jokatu zuen Goixerrik, eta nik Bizkaiakoa, beraz lehiatuta gentozen. Egia da, akaso beraiek bikote osatuago bezala etorri zirela, baina ez dut uste alde handirik egon zenik. Beti bada ez bada ere finalean zuzenean sartzea hobea da, finalerdiak bere arriskuak ditu´´, dio Antxonek.

Bigarren urtez jarraian lortu du txapela Antxon Alberdik, baina aurrerako asmoarekin eta gogoz dago. ´´Gehiago ere etor daitezela´´, esaten du.

Goixerrik, berriz, honelako final bat irabazteak aurrera egiteko indar handia ematen duela dio. ´´Honelako final bat lortzeak beti indar handia ematen dizu. Lehen aldiz jokatu dut maila nagusian, eta finalera iritsi eta irabazi egin dut. Aurrera egiteko indarra ematen dizu honek´´.

Finalean bizitako giroaz ere, bi pilotariak gustura agertu ziren ´´Markina-Xemeingo pilotalekua beteta dela jokatzea gauza ederra da. Gainera giro aparta zegoen. Urtean zehar gutxitan jokatzen dugu horrenbeste jenderen aurrean, eta honelako partidek beti ematen dizute indar eta gogo berezia. Irabazteaz gain, bizitakoa oso polita izan zen´´, dio Goixerrik.