Andoainek hartuko du mutilen Xistera zirkuituko bigarren faseko lehen jardunaldia

  • 2019-07-10

Lehen fasea amaitzeko Cabanillaseko finalak falta direnean, larunbatean 16.00etatik aurrera jokatuko da Andoaingo Arrate pilotalekuan bigarren faseko lehen jardunaldia eta guztira zirkuituko bosgarrena.

Hau ere lehen faseko berdina izango da. Lau jardunaldi jokatuko dira, eta amaieran punturik gehien duten aurrelariek eta atzelariek, bigarren gehien dutenen aurka jokatuko dituzte finalak Donibane Lohizunen, abuztuko azkeneko egunean.

Hiru mailatan izango dira kinielak Andoainen. Lehen eta Bigarren mailetako pilotariek 15 tantora jokatuko dituzte bi kiniela, eta Hirugarren mailakoek, berriz, hiru kiniela jokatuko dituzte eta bakoitza 10 tantora.

Jaialdia, 2. mailako kinielekin hasiko da, ondoren etorriko da 1. mailakoa, eta amaitzeko 3. mailakoa jokatuko da.