Altxorrak bailira bezala aurkitzen dira frontoi luzeak

  • 2021-05-14

Altxorrak bezala hartzen dira pilotaleku luzeak topatzen baldin badira, eta Euskal Herritik kanpo baldin badira, oraindik eta gehiago. Horixe bera gertatu zaio Ignacio Grosi. Malaga eta Andaluzia inguruan zesta punta eusten lan itzela egiten ari den gizonari, izan ere, Malagako mendi aldean dagoen Monda herrian, 46 metroko luzeera duen pilotalekua topatu baitu.

´´Kasualitatez izan zen. Herrian sartu nintzen, eta ez nuen inoiz pentsatuko han 46 metroko pilotaleku bat topatu behar nuenik. Horrelaxe izan zen. Autoan nituen pilotak eta zesta eta probatu nuen. Frontisetik bikain ateratzen da pilota. Zorua bikaina dauka, eta konponketa batzuekin, leku bikaina izango litzateke´´, esaten du Ignaciok.

´´Esaten ari ginen 36 metro baino gehiagoko pilotalekurik ez genuela Andaluzian, eta hor non topatu dudan. Errebotea falta zaio, eta agian altura apur bat falta zaio, baina egin beharreko konpoketak oso txikiak dira. Ahalegin bat egin beharko litzateke hori konpondu eta zestaz jokatzeko frontoi on bat jartzeko. Gainera, han esan zidaten moduan, ia beti libre egoten omen da´´, gehitzen du.

Beste arazoetako bat kokapenean omen dauka. ´´Egin zutenean, asko pentsatu gabe egin zuten, eta eguzkiak jotzen duenean ezin da jokatu, tapatu gabe baitago, eta eguzkiak begietera jotzen duelako. Hala ere, horri ere tamaina hartu liteke´´, dio. ´´Frontisa berriz, ikaragarri ona dauka, eta zorua berria izan arren, berriro ere berritu behar dutela esan zidaten´´, gehitu zuen.

Beraz, hor non dagoen beste altxor bat. Garbi dago zestak indartzen jarraitu nahi baldin badu, eta izan zena izatera gerturatu nahi baldin badu, denak batera bidea hartu, eta holenako frontoiak zaindu behar direla.