Alex Goitiandia: ´´Denbora asko baino lehen frontoira itzultzeko itxaropenarekin gaude´´

  • 2020-04-21

Alex Goitiandia pasa den udazkenean iritsi zen Daniara. Xisterarekin denboraldi bikaina egiten ari zen, gainerako lehiaketetan egin zuen bezalaxe, eta Daniko enpresako arduradunen arreta piztu zuen. Markina-Xemeingo gazteak bere ametsa egi bihurtu zuen, zestatik bizitzeko modua egin baitu. Une honetan gaitz hau dela medio, geldirik daude, frontoia itxita baitago, baina denbora asko baino lehen itzultzeko itxaropenarekin daude.

Nolakoa da gaur egun zuen egoera?

Geldirik gaude. Gaitz hau dela-eta, pilotalekua itxita dago, beraz ezin dugu jolastu, eta itxarotea besterik ez dago. Hala ere, kanpora atera gaitezke, kirola egin daiteke, eta gaitzerdi. Palaz jolasten dugu zerbait, korrika ere egiten dugu, horrela pasatzen dugu denbora. Azken batean jokatu gabe egon da, jokoa galtzen joaten da, baina gutxienez fisikoki mantentzeko modua badugu, eta horretan ari gara saiatzen.

Zaila izan zen hasiera?

Beti da zaila da hasiera leku ezberdin batera joandakoan, baina alde horretatik nik zortea izan dut, nire anaietako bat han zegoelako aurretik, eta ikaragarri lagundu dit. Hasieran bere etxera joan nintzen bizitzera, eta babes ikaragarria eman dit, eta horrek bidea erraztu zidan. Gero, han zeudenetako asko ere ezagutzen nituen, eta hori ere garrantzitsua izan da.

Kinielak jokatzera egokitu zara?

Ari gara. Normalean partidak jokatzera ohituta geunden, eta hemen gauzak beste era batera dira, hemen kinielak jokatu behar dira, eta hasirea horretan hori ere ez da erreza izaten, baina denborarekin apurka-apurka horretara ere ohitzen ari gara.

Zer egin zaizu gogorrena?

Agian kinielak jokatzeko era. Batzuetan bi ekitaldi dira, eta hori gogorra izaten da. Beste batzuetan eguerdian izaten dira eta besteetan gauean. Agian niretzat hori da gustukoena, gaueko ekinaldia. Egunean zehar lasaiago egon zaitezke, eta iluntzean jokatu. Biko hori astuna egiten zait, baina jarriko gara horretara ere.

Pilotalekua gustukoa duzu?

Bai oso. Asko gustatzen zait, bai kantxa bera, neurriak ere bai, baita zabalera eta kontrakantxa ere, egia esan hemen jokatzea ederra da, frontoia bikaina delako, alde horretatik ez dago inongo aitzakiarik.

Txikitako ametsa bete duzu?

Horrela da. Nik uste dut denen ametsa izaten dela profesionaletarako jauzi hori egitea, eta zestaren kasuan Ameriketara joatea da, eta hori lortu dut. Pena hiru hilabete eta gero orain geldialdi hau etortzea. Baina egia esan txikitako ametsa bete dut.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Gaitz honek apur bat itzaldu du eguzkia, ez baidakigu noiz itzuliko garen, laister izatea espero dugu, baina beti kezka horrekin gaude. Eta bestela gustatuko litzaidake hemen urte on batzuk egitea. Lehenengo pausoa eman dut, eta honi orain jarraipena ematea nahiko nuke.