Agirre eta Rodriguez izan dira Xistera Zirkuituko kadete mailako aurreneko txapeldunak

  • 2020-03-02

Agirre eta Rodriguez izan dira Xistera Zirkuituko kadete mailako aurreneko txapeldunak, Zumaian jokatutako finalean Bilbao eta Ureta 2-1 mendean hartuta (15-12, 6-15 eta 5-4), bukaera latz baten ostean, bigarren jokoaren amaieran Rodriguezek min hartu zuen, orkatila bihurritu zuen, eta gainera kitarakoan 4-2 galtzen ere aritu ziren. Hala ere partidari buelta eman eta irabazi egin zuten.

Lehen jokoa nahiko ongi irabazi zuten arabarrak eta nafarrak, baina bigarrena, aldiz, airean galdu zuten, lesioa amaieran iritsi zen, ordurako dena erabakita zegoen. ´´Aurreneko jokoa ona egin genuen, uste dut beraiek baino hobeto aritu ginela, eta horrek konfiantza handia eman zigun. Bigarrengoan, berriz, guk lau bat huts jarraian egin geniten, eta ihes egin zigun jokoak´´, esaten du Aimar Agirrek.

´´Aurreneko jokoa ona egin genuen, eta beraien hutsen bat edo beste ere ongi baliatu genuen. Bigarrengoan, berriz, huts dezente egin genituen, eta gainera Bilbaok dena sartzen zuen. Aukera gutxi izan genuen´´, esaten du Abel Rodriguezek.

Bigarren joko horren amaieran iritsi zen lesioa, eta biek bukaera beltza ikusi zuten. ´´Oso zaila ikusi nuen. Ia galduta ikusten nuen. Aurrenekoa zen jakitea ea bera jokatzen jarraitzeko moduan zegoen edo ez, nik garbi baineukan bakarrik jokatuta ere bukatu behar genuela, eta berak baietz esan zidan orduan berak aurrean eta nik atzean jokatzea erabaki genuen, eta ongi atera zen dena´´, esaten du Agirrek.

´´Irabazteko aukera gutxi edo batere ez genuela izango pentsatu nuen. Une gutxian gauza asko pasatu zitzaizkidan burutik, izan ere txapelketa bikaina egin nuen, atzelaririk onena izan nintzen kiniela oso onak eginez, eta horrela galtzeak min ematen zidan. Aldagelan aitak benda batekin ongi lotu zidan orkatila, eta garbi neukan amaitu behar nuela. Aimarrekin erabaki nuen, bera atzera eta ni aurrera pasatzea, eta irabazi genuen´´, dio Cabanillasekoak.

Kitarakoan ere gazuak ez ziren batere errazak izan, 4-2 galtzen ari baitziren. ´´Oso zaila izan zen, 4-2koarekin ia ezinezkoa ikusten nuen, baina beraiek ez zuten asmatu amaitzen, eta guk bai. Amaieran irabazi genuen bezala irabazteak, ikaragarrizko poza eman zidan´´, adierazi zuen arabarrak.

´´Kitarakoa oso zaila zegoen, 4-2koarekin ia aukerarik ez genuen, baina ez genuen etsi. Beraiek huts batzuk egin zituzten, eta amaitzen ez zuten asmatu, eta guk bai. Baldintza haietan irabazteak sekulako indarra eman zidan´´, dio Abel Rodriguezek.

Txapel honek sekulako indarra eman  diela onartzen dute biek. ´´Lehen aldiz jokatu da, eta uste dut gure mailarako oso txapelketa ona izan dela, eta pertsonalki horrelako garaipen bat lortzeak sekulako indarra ematen dit aurrera egiteko. Euskal Herri osoko jendea zegoen, normalean aritzen ez garenak elkarren aurka, eta irabaztea sekulakoa da´´, adierazi zuen Aimar Agirrek.

´´Txapelketa hau ikaragarri gustatu zait. Cabanillasekoak garenok azken batean badakigu zestan jokatu behar badugu kilometroak eta kilometroak egin behar ditugula, baina honelako garaipen bat lortutakoan dena da errezagoa. Dena izan da ederra, normalean aritzen ez garen pilotariekin jokatzeko balio izan digu, eta baita jende berria ezagutu eta lagun berriak egiteko ere, eta gainetik irabazi egin dut, dena primeran joan da. Pentsatzen dut hurrengo urtean oraindik eta jende hobeagoaren aurka jokatu beharko dudala, eta hobetzen eta entrenatzen jarraitu beharko dut, eta dudarik gabe, honelako garaipen batek indar handia ematen du´´, esaten du Abel Rodriguezek.

Biek onartzen dute, gainera, irabazi zuten baldintzetan irabazteak oraindik eta balio handiagoa duela. ´´Bikote batean batek min hartzen badu, oso zaila izaten da irabaztea, baina biok sufritu genuen, eta etsi, berriz, inoiz ez, eta azkenean txapela lortzeko balio izan zigun. Baldintza hauetan irabaztea sekulakoa izan zen´´, esaten du Aimar Agirrek. Orain jadanik biak lanean jarraitzen dute euren txapelketak jokatuz, eta Xisterako denboraldi berria bistatik kendu gabe.