Aarón González de Matauco: ´´Mexikora joateko aurreneko aukera goizegi etorri zen´´

  • 2020-05-13

20 urte besterik ez izan arren, Aarón González de Matauco Xisteran aritzen diren aurrelarien artean erreferentzia bat da. Badaki profesionala izatea ere zer den, eta berriro ere gailurrera iristeko lanean ari da.

Nola doa itxialdia?

Nik uste baino hobeto. Pilotan ezin naiz aritu, baina etxean lekua badudanez, ariketak egin ahal izan ditut, eta horrek nolabaiteko askatasuna ematen dit.

Gasteizen lehendik ere pilotalekua itxita zenuten. Nola moldatzen zinen entrenatzeko?

Pasa den abuztutik itxita daukagu, eta ez dakit noizko irekiko diguten. Itxi behar zutela esan zigutenean, Markinakoekin jarri nintzen harremanetan ea han entrenatzerik izango nuen, eta hasieratik esan zidaten baietz eta han aritzen nintzen.

Xisterako denboraldian egindako lanari buruz nolako ondorioak atera dituzu?

Zirkuituan 2018koaren pare ibili nintzen. Hasi ongi egin nintzen, baina behin Antxon esnatu zenean, denen gainetik pasatu zen. Finalerdietan sartu nintzen, baina 2018an bezalaxe, handik ezin izan nintzen pasatu. Baina orokorrean uste dut lan ona egin nuela.

Eta Interjai?

Finalean sartu nintzen. Maila handiko Txapelketa da, eta uste dut Zugaitz eta biok ongi aritu ginela. Ez nintzen finalean zuzenean sartu, baina finalerdietan lortu nuen txartela. Finalari buruz hitz egin aurretik, finaleko bezperatik hasi beharko nuke hitz egiten. Hilabete neraman finala prestatzen, zesta, puntuan jartzen, eta bezperan Euskal Ligako partidan apurtu egin nuen. Gaueko hamabietan etxera iritsi eta hurrengo goizean zazpiretan jaiki nintzen Markinara joan eta zesta berria probatzeko. Hala ere, uste dut irabazteko aukerak izan genituela eta kitarakoan guk geuk galdu genuela.

Profesionaletara itzultzeko itxaropena mantentzen duzu?

Hori da asmoa. Aurten ere deitu zidaten Mexikoko denboraldira joateko, baina azkenean  kontu honekin bertan behera geratu da. Nire helburua hori izango da, eta horretan saiatu behar dut.

Aurreko aukera azkarregi heldu zen?

Bai. 17 urterekin  joan nintzen, eta garbi daukat ez nengoela prestatuta inongo zentzuetan ere, azkarregi etorri zen, baina asko ikasi nuen.

Zein helburu jarri zenituen denboraldi honetarako?

GRAVNIn itxaropen asko neuzkan jarrita, eta Xisteran Zirkuituan aurreko urtetakoa hobetu nahiko nuke, eta hor dago Interjai, Txapelketa oso ona. Iaz finalean izan nintzen, eta aurtengoa irabaztea gustatuko litzaidake.